https://iclfi.org/pubs/icl-eu/2026-venezuela
“Defend Venezuela! Release Maduro!”–tik itzulita, Spartacist-en gehigarria (ingelesezko edizioa), 2026ko urtarrilak 3.
URTARRILAK 3—Estatu Batuek tamaina handiko operazio militar bat abiarazi dute Venezuelaren kontra, instalazio militar eta zibil estrategiko ugari bonbardatuz; ondorioz —Donald Trump buruzagi gerrazalearen arabera— Venezuelako presidentea eta bere emaztea, Cilia Flores, atzeman dituzte.
Hilabeteetan zehar Estatu Batuek tropak eta material militarra metatu dute Karibean, helburu garbi batekin: Venezuelako gobernua botatzea eta haren ordez Estatu Batuen aldeko txotxongilo bat ezartzea, herrialdeko petrolio-baliabide itzelen arpilaketari bidea zelaitzeko eta Latinoamerika osoaren gaineko kontrol estatubatuarra berresteko.
Mundu osoko langileek eta herri zapalduek argi eta garbi alderdi baten alde egon behar dute: Venezuelaren alde, eraso inperialista estatubatuarraren kontra! Berehalako askatasuna Madurorentzat!
Venezuelako herriak eraso inperialista estatubatuarrari eutsi egin behar dio, beharrezko bitarteko guztiekin. Edozein delarik Maduroren erregimenari buruzko iritzia, Estatu Batuen esku-hartzeagatik uzkailtzea Latinoamerikako eta Hego Globaleko langile eta nekazari guztien aurkako eraso bat da.
Nazio Batuek esku-hartu dezaten eskatzea edota “nazioarteko zuzenbidea” errespetarazteko dei egitea, denbora alferrik galtzea da. Eraso hau oldarraldi zabalago baten lehen urratsa baino ez da, bere xedea Estatu Batuen nagusitasun kontinentalari egiten zaion edozein erresistentzia zapaltzea delarik. Beharrezkoa da Latinoamerika osoan fronte anti-estatubatuar bat sortzea, Venezuelari premiazko laguntza militarra ematea barne hartzen duena. Horri dagokionez, Txinako Herri-Errepublikak ardura berezia du, eta paper nabarmena izan lezake armen hornikuntzan, baita Estatu Batuei sekulako presio ekonomikoa egiteko ere.
Nazioarteko langile-klasea, Estatu Batuetako langileak barne, Estatu Batuen asmoen kontrako erresistentziara batu daiteke eta batu behar da. Ahal izanez gero, manifestazioak eta grebak antolatu estatubatuar inperialismoaren eta haren konplizeen aurka! Estatu Batuen interesei jotako edozein kolpek Venezuelako erresistentziak biziki beharrezkoa duen laguntzari mesede egingo lioke.
Azken eraso honek berriz ere erakusten du inperialismo estatubatuarra dela nazioartean kaosaren eta gerraren erantzule nagusia. Caracasek misil-zaparrada estatubatuarra pairatzen duen bitartean, Txina eta Errusia Estatu Batuen mehatxuaren pareko direla uste dutenek, begiak zabaldu behar dituzte. Langileen eta nazio zapalduen arteko batasuna bakarrik eraiki daiteke beraien etsai nagusiari aurre eginez: inperialismo hegemoniko estatubatuarra. Denok Venezuelaren alde! Behera inperialismo estatubatuarra!

