QR Code
https://iclfi.org/pubs/icl-eu/2025-milei

“[Latinoamerikako herrialdeak] beraien askapen osoa lortzeko gai izango dira masen buru alderdi antiinperialistak eta benetako sindikatu iraultzaileak jarri ezkero. Ezin zaie ihes egin egoera historiko tragikoei amarruen, esaldi hutsen eta gezur zekenen bitartez. Masei egia esan behar diegu, egia osoa eta egia besterik ez”.

—L. Trotsky, “Borroka antiinperialista askapenaren gakoa da”, Mateo Fossarekin egindako elkarrizketa (1938ko iraila)

Argentina krisi sakon batean murgildurik dago duela zenbait hamarkadetatik, eta dirudienez ez du hondoa jotzen. Argentinako herriak goranzko hiperinflazioa pairatzen du, baita soldata miserableak, langileen oinarrizko eskubideen aurkako erasoak, eta bizkar gainean daraman neurriz gaineko zor baten karga ere. Milei eskubitarraren hautaketa erantzun erreakzionario bat izan da populuaren egoera desesperatuari eta herrialdearen hondamenari. Inperialismoaren oinperatzea izan da krisiaren kausa, eta berez, herrialdearen bizitza sozialaren, politikoaren eta ekonomikoaren alor guziei eragiten dio. Gobernu peronista desberdinek —inperialisten esku Argentinak pairatu duen zapalkuntza, lapurreta eta umiliazioa kudeatzen aritu direnak— bidea zabaldu diote Mileiri.

Peronismoaren programak erakutsi du urrats bakoitzeko menperakuntza inperialistaren kontrako borroka azkeneraino eramateko ezintasuna, eta historikoki eginbehar honetarako oztopo nagusia bilakatu dela. Alde batetik, peronistek hartutako zenbait hautu, inportazioei murrizketak ezartzea adibidez, eta sektore industrial nagusien nazionalizazioak mantentzea, aski izan da inperialistak haserretzeko, neurri horiekin Argentinako burgesiak independentzia apur bat lortu nahi baitu. Bestalde, herrialdea garatzeko eta krisitik ateratzeko inperialistekin haustea eskatzen du, baina peronistek ez dute hori egin nahi, eta ezin dute, gainera. Hortaz, peronisten erdizka-ibiltze horrek inperialistak asaldatzen ditu, eta Argentinako populua pobretuta mantentzen duen bitartean, herrialdea anabasan murgiltzen du. Mileiren xarma statu quo-arekin apurketa bat eskaini zuela izan da —estatubatuar inperialismoaren atzean zeharo lerrokatuz, atzerriko inbertsioari jarritako oztopo guziak deuseztatuz, NDF Nazioarteko Diru Funtsari diru gehiago hartuz, ekonomia dolarizatuz eta Estatuaren industria guzia pribatizatuz—.

CGT-k eta gainontzeko langileen sindikatuek urtarrilaren 24ko greba orokorrean mobilizatzeko deia egin dute. Hala ere, burokrazia sindikalaren estrategia osoak ez du inolako erantzunik ematen Argentinak pairatzen duen krisitik ateratzeko. Mileiren erasoak eta erreformak geldiarazi nahi ditu problemaren jatorriari —oinperatze inperialistari— irtenbiderik eman gabe. Sintomak arindu nahi dituzte gaitzari erasotu gabe. Halabeharrez, perspektiba honek statu quo populistara itzultzera bideratu nahi du, Mileiren gorakada eragin zuena lehendabizikoz. Peronisten bitartez Mileiri aurre egitea umiliazio inperialistaren zikloaren jarraipena bermatzea baino ez dakar. Mileiren kontrako borrokak inperialismoa suntsitzeko gai den indar bakarra zutitzea eskatzen du: Argentinako proletalgoa. Baina peronismoak ez du sekula hori egingo, langile klasearen mobilizazio iraultzaileak beraiek ordezkatzen duten jabetza pribatuaren sistemari berari mehatxu egingo liokeelako, eta Argentinako burgesiaren existentzia bera kolokan egongo litzateke.

Bere aldetik, FIT-U-k [Frente de Izquierda y de Trabajadores - Unidad], beraien burua trotskistatzat duten zenbait organizazio biltzen dituenak [horietako bat Révolution Permanente-ren kidea da Frantzian], ez du Argentina atakatik ateratzeko programa iraultzailerik eskaintzen, halaber. Burokrazia sindikalari kritika egiten diote, ez delako nahikoa borrokalaria eta peronismoari babesa ematen diolako. Baina ez dute hautsi nahi peronismoak langile klasearen gainean duen kontrola, erakutsiz peronismoak Argentina inperialismotik askatzeko borroka nola geldiarazten duen. Aldiz, borroka antiinperialistaren zentraltasuna desagerrarazten dute, inperialismoaren aurkako borrokak nahitaez burgesiaren aitzinean makurtzera eramango duen beldurrez. Ez! Langile-mugimenduaren barnean peronismoaren eta nazionalismoaren eragina deuseztatzeko modu bakarra da trotskistak askapen nazionalaren aldeko borrokalari kontsekuente bakarrak direla erakustea da.

Ezkerraren problema, eta zehazkiago Argentinan beraien burua trotskistatzat hartzen dituzten organizazioena, ez da inolaz ere berria. Alde batetik, badira borroka antiinperialistaren aitzakiaz beraien banderak beheititzen dituztenak burgesia nazionalaren atoian joateko. Bestetik, badira klase-independentziaren eta garbizalekeri marxistaren izenean borroka horren gidaritza izateko lehiari uko egiten diotenak. Bi korronte horiek inperialismoaren aitzinean amore ematen dute, eta desafiorik egin gabe, populistak masen buruzagitza mantentzea laguntzen dute; horixe ere nazionalismoaren aitzinean amore ematea delarik. FIT-U-k bere burua berrorientatu behar du. Argentinako ezkerraren premiazko zeregina da egiazko alternatiba bat ematea Mileik eskaintzen duen menpekotasun nazional zoroari, Argentinako askapen nazionala eta soziala uztartzeko bidea. Hori egitearen prezioa da peronistek langile-mugimenduan duten etengabeko hegemonia bermatuta dutela, eta hortaz erreakzioa indartu eta porrota ziurtatzea baino ez da lortuko.

Langile klasearen eta zapalduen edozein oinarrizko nahi asebetetzeko, Argentina Washingtonen uztarpetik libratzea nahitaezkoa da. “Batzar iraunkorren”, “greba orokorren” eta “borroka-komiteen” aldeko deiak ez dute deus ere esan nahi programa hori izan ezean. Bistan da zeintzuk diren Argentinako proletalgoaren eta populuaren beharrak:

  • Zorra kitatu!
  • Bankuak desjabetu!
  • Industria osoa nazionalizatu!

Aldarrikapen horien inguruan borroka antolatuz, bere metodo propioen bitartez eta bere helburu propioen bila, langile klaseak halabeharrez finantza-kapital inperialistaren interesei zein bertako morroiei aurre egingo die. Dei egiten diegu langileen sindikatuei eta FIT-U Frente de Izquierda y de Trabajadores - Unidad-i Mileiren aurkako borroka zuzendu dezaten aldarrikapen horiek sostengatuz.

Argentinaren askapen nazionala iraultza sozialistaren bitartez!

Spartacist (2024.01.19)