https://iclfi.org/pubs/icl-eu/2026-china-venezuela
Ingelesezko China: Defend Venezuela! Resist America!-tik euskaratua, Spartacist-en eranskina (ingelesezko edizioa); 2026ko urtarrilak 9.
Venezuelan Trump-ek jotako eraso inperialista basatia kolpe latz bat da, ez bakarrik Latinoamerikako eta Hego Globaleko masentzat, baita Txinako Herri-Errepublikarentzat ere. Estatu Batuetako piratek nagusiki Txinara dihoan petrolioa konfiskatzeaz gain, Txina, Errusia, Kuba eta Irango aholkulariak Venezuelatik kanporatuak izan daitezen exijitzen ari dira. Eta zein da Txinako Alderdi Komunistaren erantzuna? “Nazioarteko zuzenbidea”ri buruzko hizketak eta harreman ekonomikoak mantentzeko promesak baino ez — modu berean, ez zuen ezertxo ere egin Gazako genozidioa gelditzeko.
Txinako Alderdi Komunistak geroz eta gehiago egin paperezko tigrearena, orduan eta kemen handiagoa ematen die Estatu Batuei bere hegemonia dekadentea harrapaketen bitartez sustengatzeko eginahalei. Maduro uzkailtzea tranpolin gisa erabili dute Kubako Iraultza hondoratzeko asmoz, baita Iran eta beste erregimen temati batzuk ere makurrarazteko. Horrekin guztiarekin, Herri-Errepublikari zuzenean aurre egiteko bidea prestatu nahi dute.
BRICS+ek Trump-i arranguraz esandako hitz hutsalek beste behin ere Estatu Batuekiko morrontza erakusten dute. Beharrezkoa da, aldiz, munduko langile zein nazio zapalduetan oinarritutako fronte anti-inperialista bakarra. Txinako herriak ez zuen bere askapena lortu Nazio Batuen ebazpenen ezta “win-win” negoziazioen bitartez ere, baizik eta inperialismoaren aurkako borroka amorratuaz. Txinak halako borroka zuzentzeko indarra du orain. Baina beraien buruzagiek uko egiten diote bide horri, hilzorian den nazioarteko ordena liberalaren erakunde ustel guztiak besarkatzen dituztelako. Bada garaia norabidez aldatzeko!
Txinak bere indar ekonomikoa erabili zuen Trumpen muga-zergei aurre egiteko. Gaur, lur arraroak Estatu Batuetako kostara iristea eragozten badu, Trumpek Maduro aska dezan behartu lezake, eta hurrengo erasoa jo aurretik bitan pentsatu beharko luke.
Txinak bilioika dolar ditu, dibisa erreserbetan. Kubari zati handi bat bidali beharko lioke, baita ingeniariak ere, haren azpiegitura berreraikitzen laguntzeko.
Txinak sekulako indar militarra metatu du, bere burua Japoniaren eta Estatu Batuen erasotik defendatzeko. Ederki! Erabili dezala orain Karibean eta Persiar golkoan inperialisten aurrean erresistentzia egiteko! Hori egitea ez litzateke neurri “inperialista” bat, baizik eta egiazko inperialistetatik mundua babesteko modu bat.
Astakeria ugari esaten da Txinan, Madurori egindako umiliazioak erakusten omen duelako Herri-Armadak Taiwan inbaditu eta Lai Ching-te presidentea atzeman lezakeela. Harrokeria hori Txinaren erabateko kapitulazioaren aurrean aurpegia zuritzeko modu bat besterik ez da. Estatu Batuen garaipen azkarrak Venezuelan, berez, Txinaren aurkako setio estatubatuarra indartuko du, batez ere Taiwani dagokionez.
Herri-Errepublika defendatzeko modurik hoberena hauxe da: Txinak borroka anti-inperialistaren aitzindaritza hartu beharko luke Hego Globaleko milioika lagunen bihotzak eta gogoak irabaziz, eta Estatu Batuetako zein Japoniako langileei beraien herrialde propioetako inperialisten kontra borrokatzera animatuko lituzke. Estrategia horren gakoa Txinako proletalgoa da. Nazioarteko produkzioan duen rol zentralari esker, indar honen mobilizazioak inperialisten irabaziak geldiaraziko lituzke, munduan ezartzen ari diren dinamika erreakzionario osoa aldatuz. Txinako Alderdi Komunista: Ez zaitez belaunikatu! Inperialismoari aurre egiozu!

