QR Code
https://iclfi.org/pubs/icl-eu/2023-gaza

Argitu ditzagun bi gauza. Lehenengoa, palestinarrek Israelgo Estatuaren zapalkuntza nazional izugarria eta bereizi gabeko erailketak jasan behar dituzte; euren burua defendatzeko eskubide guztia dute, baita indarraren bitartez ere. Bigarrena, Hamasek eta bere aliatuek Israelgo zibilak nahita erailtzea krimen arbuiagarri bat da, Palestina askatzeko borrokarentzat erabat kaltegarria. Une honetan Gazak Israelgo Armadak eragindako gosetea eta erailketa masiboa pairatzen duelarik, nazioarteko langile-mugimenduak eraso honi aurre egin behar dio berehala. Baina aurrera egin eta garaipena lortzeko, Palestina askatzeko borrokak guztiz bestelako bide bat behar du, orain arte eskainitako aukeretatik —izan islamismoa, izan nazionalismo laikoa— erabat diferentea dena. Ez dira behar ezkerreko liberalen eta sasi-sozialisten bandetako enpatiazko sentimendu merkeak, baizik eta Palestina askatzeko bide iraultzaile bat.

Nola garaitu Estatu sionista

Etsaia garaitzeko, bere ahuleziak aprobetxatu eta bere indarguneak neutralizatu behar dira. Israelgo Estatuaren sendotasuna bere mugen barnean bizi diren milioika juduren ustean datza, euren burua eskualde erasokor baten aurrean defenditzeko modu bakartzat hartzen dutelako. Hori horrela den bitartean, israeldarrak heriotzeraino borrokatuko dute Estatu sionista defendatzeko. Hori guztia planaren parte zen britainiar inperialismoak proiektu sionista babestea erabaki zuenetik. Gaur, Estatu Batuek eta Israelek euren interesak segurtatzen dituzte Ekialde Hurbilean Palestinako herriaren eskubide nazionalak bortxatuz eta juduen eta musulmanen arteko etengabeko etsaitasun egoera hauspotuz. Populazio militarizatu baten eta sostengu inperialistaren arteko konbinazioak ematen dio indarra eta itxurazko garaiezintasuna Israeli.

Hala ere, estruktura hori ahula da eta soilik mantentzen da gotorleku setiatuaren mentalitateari esker, burgesiak sustaturikoa. Bere ahulgunea da, hain zuzen ere, Estatu teokratiko bat dela, geroz eta estremistagoa den fanatiko ustel talde batek gobernaturikoa. Israelgo langileek nahitaezko soldadutza, erregimentazio erlijiosoa eta lan- eta bizi-baldintza izugarriak pairatu behar dituzte. Horietako edozeini erresistitu ezkero juduei traizio egitea leporatzea dakar. Egoera honek pitzadura arrazial, sozial eta politiko sakonak eragiten ditu Israelen, Estatu sionista apurtzeko eta Palestinarrak askatzeko aprobetxatu beharrekoak.

Hamasen estrategia jihadistak ez du horrelako deus ere egiten eta Israelen indarguneak sendotu baizik ez ditu egiten. Zibilak erasotuz, israeldar guztiak Netanyahuren gobernu gorrotatuaren atzean mobilizatzea baino ez du lortu, gizarte osoak Gazaren kontrako erantzun militar odoltsuarekin bat egiten duela bermatuz. Baldintza horietan egindako borroka militar batek porrota eta izugarrizko hildako kopurua ekarriko dizkio Palestinako herriari. Garaipenik ezin da lortu langile juduen eta beraien burgesiaren arteko lotura hautsi ezean, eta hori ezinezkoa da Israelgo herri juduak Israelen/Palestinan nazio gisa bizitzeko duen eskubide demokratikoa aitortzen ez bada.

Islamistak eta palestinar nazionalistak beti harrapatuta daude bi alternatiben artean: edo haien borroka Israelgo herri judu osoaren aurka zuzendu, edo Estatu sionistaren elkarbizitza onartu. Biak ala biak kale itsuak dira. Herri israeldarraren eta Estatu teokratikoaren artean arraildura bat irekitzea da gakoa. Hau egiteko nahitaezkoa da estrategia militar eta politiko marxista bat izatea, gatazka nazionalak, baita klaseen artekoak ere, elkarren artean loturik daudenak, ez baitute irtenbiderik jabetza pribatuaren esparruan. Soilik abiapuntu honetatik egin daiteke palestinarren zein Israelgo langile-klasearen interesekin bat datorren programa bat.

Har dezagun lurraren afera: palestinarrek, arrazoi osoz, jasandako krimen historikoarengatik leheneratze bat nahi dute. Indarrean dauden gizarte-egituren barnean, hori ezin da bateragarria izan populu juduak lurra mantentzeko duen eskubidearekin, kasu askotan, bertan bizi izan baitira belaunez belaun. Baina Israelek, gizarte kapitalista guztiak bezalaxe, berdintasun eza ikaragarria du. Lurraren eta jabetzaren zatirik handiena populazioaren parte txiki batek kontrolatzen du, gehiengoak bizirauteko borrokan dabilen artean. Parasito-talde hori desjabetu ezkero, aldi berean hasi daiteke Palestinarrekin justiziaz jokatzen eta langile juduen bizi-baldintzak hobetzen.

Alor militarrean, beharrezkoa da Israelgo armadak ahalik eta presio gehien pairatzea, Israelgo gizarteak ikus dezan palestinarrak zapaltzea kostu jasanezin bat duela. Israelgo hirietara suziriak itsu-itsuan jaurtitzeak tropen borrokarako-gogoa handitzea baino ez du eragiten. Aldiz, Palestinako populazio osoa mobilizatu behar da lurreko inbasioaren zentrimetro bakoitzari aurre egin eta Gazako eta Zisjordaniako setioa hausteko.

Baina erresistentzia armatuak berak bakarrik ezin du garaipena erdietsi; klase-borrokaren perspektibarekin konbinatu behar da Israelen barnean. Beharrezkoak dira langileen askapen ekonomikoaren aldeko borrokak, arabiarrek eta judu ez-txuriek pairatzen duten bereizkeria arrazistaren aurkakoak, baita erlijioaren eta Estatuaren banaketaren aldekoa ere. Horrek guztiak lotuta egon behar du edozein gizarte-aurrerapenaren bidean dagoen oztopo nagusia deuseztatzearekin: Palestinarrek pairatzen duten zapalkuntza Israelen partetik. Israelen, iraultzaileen funtsezko zeregina da, hain zuzen ere, borroka egitea langile-mugimenduak Palestinaren askapenaren kausa bere gain har dezan, langileen zuzendaritza sionistari aurre eginez.

Modu erabakigarrian, hirietako klase-borroka Israelgo armadaren barnera eraman behar da, berau zatikatzeko asmoz. Israelgo indar armatuen gehiengoa soldaduska egitera beharturiko jendeak osatzen du. Herri juduak soldaduska hil edo bizikotzat hartzeari uzten badio, herri palestinarraren zapalkuntzaren presioa gehiegi igotzen bada, eta Israelen barneko gatazkak irakite-puntura iristen bada, Israelgo armada pitzatu daiteke, eta pitzatuko da.

75 urte baino gehiagoko historia ankerrak zeharo korapilatu ditu judu israeldarren eta palestinarren patua. Palestina askatzeko Estatu sionista deuseztatu behar da, ezinezkoa dena Israelgo langileriaren askapenik gabe. Aldi berean, Israelgo langileen aurrerabide ekonomiko, demokratiko eta sozialerako, eta baita Ekialde Hurbilean segitzeko bermea izateko ere, amaiera eman behar zaio Palestinak jasaten duen zapalkuntzari, hau da, Estatu sionistaren oinarriari berari.

Nola garaitu inperialismoa

Israelek Estatu Batuen eta gainontzeko potentzia inperialisten sostengua du, Gazaren kontrako oldarraldiari emandako baldintzarik gabeko babesarekin beste behin ere ikusi den moduan. Beraz, Palestina askatzeko, inperialismoa borrokatu eta garaipena lortzeko estrategia bat beharrezkoa da bai Ekialde Hurbilean, baita mundu osoan ere, azken batean. Baina nazionalistak ez dira inolaz ere gai hori egiteko; beraien fedea Nazio Batuen eta “nazioarteko komunitatean” jartzen dute, edota espero dute estatu arabiarrek Estatu Batuei presio egingo dietela.

Nazio Batuen Erakundea Estatu Batuek eta potentzia “handiek” menderatutako lapur-zulo bat da, aldi berean Palestinaren zatikatze eta zapalkuntzaren betikotzearen ardura dutelarik. Inperialisten artean Israel babesteko erabateko adostasuna dago. Su-eten bat edo bake-akordio bat kozinatuko balute ere, halabeharrez euren interesen isla izango litzateke, eskualde horretan Estatu sionista postu aurreratu gisa mantentzea komeni zaielako. PAE Palestina Askatzeko Erakundetik hasi eta BDZ kanpainarekin buka, mundua menderatzen duten lapurrak oinarri dituen edozein kanpainak Palestinaren zapalkuntza areagotu eta porrotera eraman baizik ezin du egin.

Estatu musulmanei dagokionez —Egipto, Jordania eta Libanotik hasi eta Iranetik segituz— ehunka aldiz sastakatu dituzte palestinarrak bizkarretik euren interes oportunista propioen alde. Mundu musulmanean agintea duten xeke, mulla eta diktadoreek soilik “defendatuko” dute Palestina horrek euren helburu ekonomiko eta militarrei mesede egin ezkero eta euren posizioa indartzeko balio dien neurrian. Edozein estrategiak Palestina askatzeko borroka Estatu horiei lotzen baldin badu, halabeharrez traizioan bukatuko da.

Estrategia bat behar da, ez “nazioarteko komunitate” inperialistan eta eskualdeko agintari kapitalistetan oinarritua, baizik eta nazioarteko langile-klasearen mobilizazioan potentzia inperialista eta kapitalista ororen aurka. Ekialde Hurbil osoan langileen eta nekazarien arteko aliantza bat behar da, inperialista estatubatuarrak egotzi eta eskualde guztia askatzeko. Horrek langile israeldar juduak barne hartzen ditu, ez baitute Estatu Batuen morroi gisa erabiliak izaten segitzeko inolako interesik. Gainera, Palestinaren alde borrokatzen dutenek fronte internazional bat eraiki behar dute Estatu Batuetako, Britainia Handiko, Frantziako eta Alemaniako langileen organizazioekin, Israelek jasotzen dituen arma-bidalketak geldiarazteko. Langile horiek dira armak garraiatzen dituztenak. Eta beraien borroka inperialismoa ahultzeko eta Palestina askatzearen aldeko kausak aurrerapausoak emateko modurik seguruena da.

Baina ikus dezakegunez, justu aliatu fidagarrienei bizkarra ematen diete panislamistek eta nazionalistek. Arabiar agintariekin aliatzerakoan, arabiar masen esplotatzaileekin aliatzen dira. Eta Estatu Batuetako eta Europako langileak, langile juduak barne, ez dira sekula batuko bandera islamikoaren aldeko eta israeldar guztiak suntsitzea helburu duen borroka batera.

Hamasen jarraitzaile sozialistak

Israelen kontrako urriaren 7ko Hamasen erasoaren ondoren, Israelen aldeko komunikabideek sekulako propaganda kanpaina bat abiarazi dute, Israelen mendeku militar odoltsua justifikatu eta palestinarrek pairatzen duten zapalkuntza makillatzeko. Kontra egiteko, beren burua komunistatzat edo sozialistatzat hartzen duten organizazio ugarik —esate baterako, Britainia Handiko Socialist Workers Partyk eta Greziako Alderdi Komunistak— Hamasek zibilen kontra egindako eraso kriminalak alfonbrapean ezkutatu dituzte, Palestinak bere burua defendatzeko duen eskubidearen izenean.

Komunismoa Hamasen krimenekin erlazionatuz, haren izena lokatzetan arrastaka eramateaz gain, ontzat hartzen dute sarraskitzaile islamista fanatiko hauek Palestinako herriaren buruzagitza izaten segi dezaten. Ezkertiar horiek ongi baino hobeki dakite Hamasek ez duela Palestina askatuko, baina horren inguruan isil-isilik daude elkartasun liberal merke batengatik.

Hamasen estrategia osoa Israelen erantzun bortitz bat probokatzean datza, Gaza guztia txaleko suizida batekin ingurarazten duelarik. Gazaren defentsaren aldeko jarrera irmo bat hartu behar da Israelen errepresalia odoltsuen kontra, eta, aldi berean, Hamasen zorigaiztoko estrategia horri aurka egin behar zaio.

Left Voice bezalako zenbait ezkertierrek, Frakzio Trotskistaren atal estatubatuarrak, [Estatu frantsesean Révolution Permanente eta espainolean CRT Corriente Revolucionaria de Trabajadores y Trabajadoras] beraien artikuluaren bukaeran ahapeka adierazi dutenez: “Palestinako herriaren erresistentziaren aldeko gara. Baina horrek ez du esan nahi Hamasen estrategia eta metodoak ontzat hartzen ditugunik, Estatu teokratiko bat ezartzea baita beraien xedea” (urriaren 7a). Hori esanda, idatzitakoak ez du inolaz ere bilatzen Palestina askatzeko borrokaren gainean nazionalismoak eta islamismoak duen nagusitasuna apurtzea. Ezkertiarren gehiengoak bezala, liberalen jarraitzaileen papera hartzen dute, zapaldutako taldeei kritikarik egiteko gai ez direnak, nahiz eta amildegira zuzentzen dituzten.

Ezker sasi-sozialistaren papera are erdeinagarriagoa da palestinarrek euren askapenaren bidea aurkitzeko geroz eta desesperazio eta premia larriagoa dutelako. Gertaerak hamarkadetan ikusi ez diren sarraski eta erreakzio maila batera doaz azkar. Sozialistek ez badute borrokatzen gatazkari irtenbide iraultzaile bat emateko, Palestinako herriaren desesperazio geroz eta larriagoa erreakzio islamistaren besoetara bideratuko da beste behin ere; eta juduak, halaber, sionismoaren besoetara bultzatuak izango dira indar bortitzagoz. Espiral erreakzionario hori ez da Israelen eta Palestinaren mugen barnean geratuko, Ekialde Hurbiletik eta mundutik hedatuko da. Ziklo hau apurtzea sozialisten premiazko zeregina da.

  • Gaza defendatu!
  • Israel, alde Zisjordaniatik eta Golango gainetatik! *
  • Ekin Ekialde Hurbileko federazio sozialistaren alde!