QR Code
https://iclfi.org/pubs/icl-eu/2026-nato

Frantsesezko Dehors l’OTAN ! Pour la libération du Québec et de la Palestine!-tik euskaratua, République Ouvrière-ren eranskina; 2024ko azaroak 20.

Palestinarren genozidioari babesa ematea, Ukrainari armak bidaltzea eta “gure” gobernuek (Kanadakoa zein Quebecekoa) NATOko eta Estatu Batuetako inperialisten helburuak sostengatzea, langileen interesen aurkakoa da erabat. Ukrainaren aldeko laguntza militarra areagotzea hemengo populazioaren pobretze geroz eta handiagoarekin eta austeritate erasoekin bat dator. Langile-mugimendua mobilizatu behar da NATOren aurka, inperialismoaren aurka eta Ottawako zein Quebeceko gobernuen aurka. Mugimendu sindikalak badu indarra gobernuek atzera egin dezaten.

Baina Quebeceko langileak ez dira mobilizatuko Trudeau-ri egindako dei moralista-liberalen, bakezaletasun doilorraren edo ingelesez egindako manifestazioen bitartez! Orainokoan, oinarri horien gainean antolatu da Palestinaren aldeko eta NATOren kontrako mugimendua. Eta horregatik langile-mugimendua zeharo arrotz izan zaio. Quebeceko langile-mugimenduaren indar eragilea Quebecen askapen nazionalaren aldeko borroka da. Palestinaren aldeko eta NATOren aurkako mugimenduak borroka harekin uztarturik behar du egon — horixe egin ezean, zokoraturik alderrai ibiltzera kondenatua izango da.

Quebeceko langileak mobilizatzeko beste oztopoa PQ Alderdi Quebectarreko buruzagi nazionalistak eta burokrazia sindikal kontserbadorea da. Hauen ustez Washingtonen eta Ottawaren atzetik arrastaka ibiliz, Wall Street-en eta Beaver Clubeko beraien lekaioen aurrean “errespetagarri” agertuz, eta gutxiengo musulmanari erasotuz Quebecen interesak aurrera eramango omen dituzte. Eta Quebec Solidaire hori guztiarekin bat dator. Guztiek ukatzen dute Quebecen askapena kanadiar eta estatubatuar inperialismoaren aurkako borroka bat dela. Eta, orobat, NATOren aurka eta Palestinaren askapenaren alde borrokatuz Quebecen independentziaren aldeko borrokak aurrerapausoak emango dituela. Soilik mugimendu antiinperialistak printzipio horiek berezkotzat hartzen baditu aurre egin diezaioke egiazki burokrazia sindikalari eta buruzagi nazionalistei, Quebeceko langile-klasearen aitzindaritza lortuz eta benetako indar bilakatuz.

Hortaz, ezkertiarren artean, askapen nazionalaren aldeko borrokari uko egiten diotenek “antikapitalismoaren” izenean (CLAC, PCR, etab.) zeharo huts egiten dute. Ez dute sekula langile quebectarren gogoa irabaziko eta beti faltako zaie indarra burokrazia sindikalaren aurkako borrokan —leporatuko dietelako (arrazoi osoz!) federalisten blokean egotea.

Beste aldean, badira Quebecen askapenari sostengua eman bai, baina PQ-ri edo QS-ri babesa ematen diotenak — eurek ontzat hartzen dute edo babesa ematen diote Estatu Batuetako ordena inperialistari, langile-klasea desafio identitariotan banatuz, eta beraz, askapen nazionalaren aldeko borroka sabotatuz! Okerreko bidetik doaz hauek ere. Batez ere ez dutelako NATOren aurkako borroka eta Quebec askatzeko borroka lotzen! Oraindanik, polo antiinperialista berri bat eraiki behar dugu, langile-mugimenduan oinarrituta, honako aldarri hauek dituelarik:

  • Behera NATO!
  • Armarik ez Ukrainarentzat!
  • Palestina askatu!
  • Quebec askatu!
  • Independentzia eta sozialismoa!